Azkoitiko Elkargunean aurkeztu zuten asteazkenean Libertate Nafarra talde politikoa Ibon Arrieta Aitza Gipuzkoako zerrendaburuak eta Raul Diaz de Arkaia Arabako hautagaiak.
Diaz de Arkaiak azken asteetan jasaten ari diren “zentsura mediatikoa” salatu zuen hasteko: “Nafarroa Garaian jaramon handiagoa egiten digute, baina Araban, esaterako, nabarmen nabaritu dugu hedabideen zentsura”. Gasteiztarrak sarrera historikoa eginez hasi zuen aurkezpena: “Eneko Aritza dugu lehen euskal erregea, Nafarroako erreinuko erregea, alegia. Antso VI.arekin izan zuen, halere, lurralderik zabalena Nafarroako Erreinuak: Kantabria, Burgos, Errioxa, Aragoi eta Gaskonia osatutakoa, besteak beste”. Ordutik, Gaztelako Erreinuak —gero Espainia izango dena— eta Frantziak, Nafarroako Erreinua “menderatu” eta “konkistatu” dutela azaldu zuen. Eta horixe da, hain justu, LNren helburua: “Galdutako Nafar Estatuaren askatasuna berreskuratzea”.
Estatua, ez nazioa
Libertate Nafarrak estatuaren kontzeptua defendatzen du nazioaren gainetik. “Sabino Aranak Nafarroa alde batera utzi eta nazio bat sortu zuen. Eta horretarako sortu zituen ikurrina eta Zazpiak bat mapa”, azaldu zuen Aitzak. 2012an, Nafar Erresumaren konkistaren 500. urtemugaren inguruan sortu zuten LN. “Orain gure helburua kontzientziak piztea da”, esan du azkoitiarrak. “Eztabaida sortu nahi dugu ikurriña edota Zazpiak bat kontzeptuaz, esate baterako”. 40 bat afiliatu inguru ditu momentuz LNk.
Urola Kostako Hitza